Eleaniztasuna

Hezkuntza-berrikuntzako proiektu honen helburua, ikastetxean lantzen diren hiru hizkuntzak gelako bizitzan eta zehazki  ikasgeletako proiektuen garapenean txertatzea da. Ikasleak eleaniztasunean hezituz, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean, hiru hizkuntzetan behar den ezagutza eduki dezaten.

Proiektu honetan  hiru hizkuntzei arreta berezia emango zaie ikasleek diskurtsoak ulertzeko eta ekoizteko gaitasunak garatu ditzaten, hau da, gaitasun komunikatiboa garatu dezaten.

Beste urte batzuetatik datorren proiektua izanik, beste bi ikasturterako proiektua definitu da. Proiektuaren izenburua “Hizkuntzen tratamendu integrala ikuspegi komunikatiboan eta metodologia aktiboetan oinarrituta” da.

Hiru hizkuntzak ikuspegi komunikatiboan oinarrituta batzen ditugun proiektuak diseinatzerakoan, "proiektuetan oinarritutako  ikaskuntza" metodologiaz gain, ikasleen beharretara eta erritmo desberdinetara egokitzeko curriculum malgua erabiltzearen garrantzia ere kontuan hartu behar dugu, hau da, "ikaskuntzaren diseinu unibertsala". Era berean, ikasketa kooperatiboaren inguruan ikasitako teknikak ikasleen interesetatik abiatutako proiektuetan uztartu behar ditugu.

Hasteko, urritik abendura arte irakasleek kanpoko formazioa jasoko dute Berritzeguneko aholkulariaren eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Andy Morodo irakaslearen eskutik bideokonferentziaz.

Ondoren, urtarriletik maiatzera arte zikloka, arlo ezberdinetako irakasleek gelako proiektuen programazioak aztertu eta formazioetan ikasitakoa aplikatuko dute.